+ Kultura
|

Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloak emakume zientzialariak ezagutzea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.

Amaia Bacigalupe de la Hera izango da bigarren zikloaren elkarrizketatua eta osasuna izango du hizpide. Osasun Publikoan doktorea da, soziologia-irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzailea OPIK taldean (osasunaren gizarte-baldintzatzaileei eta aldaketa demografikoari buruzko ikerketa-taldea).

COVID-19aren krisiaren kudeaketarekiko kritiko azaldu da, ez baitu uste halabeharrez gertatu den zerbait denik, ezta denoi berdin eragin digunik ere. Eta COVID-19a adibide bat baino ez da. Izan ere, osasuna ez da bakarrik gaixotasunaren eza, baizik eta ongizatea, zentzu orokor batean. Ikuspegi horrekin dabil lanean Bacigalupe, politika hobeak ezartzeko.