Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika entzuteko! VI. Irrati-piezen lehiaketako sariak gaur, abenduak 15, banatu dira Victoria Eugenian. Sari nagusia bi lanen artean banatu da; sariaren erdia Jon Obeso, Maider Gorostegi eta Jose Luis Padrónentzat izango da, Die Brücke. Retrato del último domingo sobre la Tierra piezagatik, eta, beste erdia, Karla Ferrera Sánchezentzat, El escritorio de los Tártaros lanagatik. Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Rubén Rosasen Zoritxarreko egoerak lanarentzat izan da.

Sariak banatzeko ekitaldia 19:00etan izan da, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan. Saritutako lanak zein diren jakin eta entzuteaz gain, umorezko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izan da: Anartz Zuazuaren eta Asier Sotaren Pardemia ikusgai eta entzungai izan da.

 

Sari nagusiak

Deialdira aurkeztutako 35 piezen artean, epaimahaiak erabaki du hiru pieza bereziki nabarmendu direla sarituak izateko. Gauzak horrela, gaztelaniaz aurkeztu diren bi piezari sari nagusia ex aequo ematea erabaki du, erdi-bana. Irabazleetako bat Die Brücke. Retrato del último domingo sobre la Tierra da. Hau esan du epaimahaiak pieza horri buruz: "Pieza literarioa da. Maila tekniko bikaina du, mimoz editatua eta detailez josia, esperientzia sentsorial bat izateraino". Gidoia eta muntaia Jon Obesorenak dira, zuzendaria Jose Luis Padrón izan da, eta ahotsa Maider Gorostegik jarri du.

Beste irabazlea El escritorio de los Tártaros lana da. Epaimahaiaren esanean, "kazetaritza, Saharako egoera, literatura eta umorea oso modu eraginkorrean nahasten ditu". Piezak entzuleari egiten dizkion keinuak ere azpimarratu dituzte. Karla Ferrera Sánchez da egilea, Madrilgo kazetaria.

 

Euskarazko lanik onena

Azkenik, euskarazko pieza onenaren saria Rubén Rosas kazetariarentzat da, Zoritxarreko egoerak izeneko lanagatik. Epaimahaiak hainbat istorio lotzeko gaitasuna azpimarratu du, eta "entzulea muturreko egoeretara garraiatzeko eta enpatia sortzeko trebetasuna".

 

Epaimahaia

Hauek izan dira epaimahaikideak: Mikel Iturria, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria; Susana Bustero, Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria; eta Manex Urruzola, Elhuyarreko Komunikazioa Unitatearen koordinatzailea. Epaimahaikideek eta antolatzaileek eskerrak ematen dizkiete deialdian parte hartu duten guztiei, eta bide horretatik jarraitzera animatu. Eta gogorarazten dute, gainera, DK Irratiko baliabideak nahi duenaren eskura daudela, horretarako.