Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika Entzuteko! V. Irrati-piezen lehiaketako sariak gaur banatu dira Victoria Eugenian. Sari nagusia bi lanen artean banatu da; sariaren erdia, Jose Luis Padrón, Maider Gorostegi, Jon Obeso eta Joserra Senperenarentzat izan da, El hombre aparece en el holoceno piezagatik, eta, beste erdia, Paloma Arias, Nerea Cárdenas, Mikel Claver eta Iker Iturberentzat, Estigia lanagatik. Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Maite Bidarteren Google lanarentzat izan da.
Lan irabazleak
Deialdira aurkeztutako 43 piezen artean, epaimahaiak sari nagusia bi piezari ematea erabaki du, ex aequo. Irabazleetako bat El hombre aparece en el holoceno izan da. Hau esan du epaimahaiak pieza horri buruz: “Entzulea harrapatu egiten du. Maila tekniko bikaina du, eta estimulu mordo bat eskaintzen ditu, esperientzia sentsorial bat izateraino. Testuaren balio filosofikoa ere aipatzekoa da. Oso iradokitzailea da”. Gidoia Jon Obesorena da, zuzendari artistikoa Jose Luis Padrón izan da, ahotsak Padrónek berak eta Maider Gorostegik jarri dituzte, eta musika Joserra Senperenarena da.
Beste irabazlea Estigia lana izan da. Epaimahaiaren esanean, “oso ondo girotuta dago, eta ezin hobeki lortzen du protagonistaren larritasuna transmititzea, baita zerraldo baten barruko atmosfera eraikitzea ere, soinu hutsez”. Piezak zirrara sortzeko duen gaitasuna ere azpimarratu dute. Paloma Arias, Nerea Cárdenas, Mikel Claver eta Iker Iturbe dira egileak, laurak EHUko Ikus Entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea graduko ikasleak.
Euskarazko lan onena
Azkenik, euskarazko pieza onenaren saria Maite Bidarte kazetariarentzat izan da, Google izeneko lanagatik. Epaimahaiak piezaren naturaltasuna eta freskotasuna azpimarratu ditu, baita lokuzioa ere, eta “baliabide egokiak erabiliz, eta harian lotura politak eginez, audiobidaia interesgarria planteatzen duela, interneteko nabigaziotik abiatuta”.
Epaimahaia
Hauek izan dira epaimahaikideak: Aitziber Iartza, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria; Lourdes Gutierrez, Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria; eta Manex Urruzola, Elhuyarko Komunikazioa Unitatearen zuzendaria.
Epaimahaikideek eta antolatzaileek eskerrak ematen dizkiete deialdian parte hartu duten guztiei, eta bide horretatik jarraitzera animatu. Eta gogorarazi dute, gainera, DK Irratiko baliabideak nahi duenaren eskura daudela, horretarako.