+ Kultura
|

2019ko urriaren 21ean aurkeztu dute DK Irratia Eneko Goia, alkateak; Jon Insausti, Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak; Jaime Otamendi, Donostia Kulturako zuzendariak; eta Ion Olano, DK irratiko esatariak, Victoria Eugeniako Club aretoan.

1991 urtean jaiotako Altzako Casares Irratiaren urrats berria da Donostia Kultura Irratia. Lehengo izaerari eutsiz, jauzi bat eman du hiriko eta aldirietako kulturaren leiho bihurtzeko. Inguruko kultur ekosistema zabalari begira jarriko den leihoa izango da, beti ere, kultur zaletasunaren ikuspuntutik.

Horretarako, irratiaren baliabideak hobetzeaz gain, programazioa indartuko du Ion Olano Carlos kazetari donostiarrak aurkeztuko duen BESTALDE eguneroko kultura-magazin berriarekin eta Donostia Kulturak antolatzen dituen hainbat hitzaldi, kontzertu eta abar ere jaso eta zabalduko ditu, podcast gisa.

Donostia Kultura Irratiaren webgune berriak, www.irratia.donostiakultura.eus, irratia munduko edozein txokotatik zuzenean entzuteko aukera emateaz gain, grabatutako programa guztiak eta Donostia Kulturaren hainbat podcast gordeko ditu, eta nahieran entzun ahal izango dira guztiak.

Kultura izango da irratiaren ardatza, eta herritarrak bihotza. Irrati tailer gisa jaio zen duela ia 30 urte, eta izaera horri eusteko asmo irmoa du. Jarraituko du ahozko komunikazioaren eta soinuaren formazio-leku izaten, eta, betiko moduan, estudioak herritarren zerbitzura jartzen.

Horietaz gain, ikastaro-eskaintza oparoa ere izaten jarraituko du, arloan esperientzia handia duten profesionalen gidaritzapean. Irratigintza ikastaroan, adibidez, ikasleek irratiaren arlo ezberdinak barrutik ikusi eta ikasteko aukera izango dute Jose Joaquin Forcada “Forki” eta Sergio Errasti Onda Vascako irratigileen eskutik: lokuzio-teknikak, gidoiak, alde teknikoa, eta abar. Baina ikastaro gehiago ere eskainiko dira. Hauek dira adibide batzuk: Ahotsarekin jolasean, Maider Gorostegirekin, eta Irrati-antzerkia, Inko Martinekin.

Ekitaldi bereziak

Donostia Kultura Irratiaren aurkezpenak jarraipena izango du eta Victoria Eugeniako Club Aretoan egingo diren beste hiru ekitaldi berezirekin emango zaio jarraipena.

Urriaren 22an, Begoña Del Tesorekin eta Beñat Iturriotzekin solasaldia eta Inko Martinek zuzendutako irrati-antzerkia izango dira zuzenean, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astearen barruan.

Azaroaren 18an, berriz, Literaktumen parte hartuko du irratiak, beste irratsaio berezi batekin: Iratxe Retolaza, Lourdes Oñederra eta Itxaro Bordaren arteko solasaldia eta Harkaitz Cano eta Maite Larbururen emanaldi bat izango dira saio horretan.

Eta, azkenik, HAMAIKA ENTZUTEKO! V. Irrati-piezen lehiaketaren sari banaketa izango da, abenduaren 17an. Ekitaldi horretan, saritutako lanak zein diren jakin eta entzuteaz gain, zuzeneko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da.